Esperantzarik ez Imprimir E-mail
Jueves, 07 de Mayo de 2009 17:12

    Dante deserrian hil zen. Mandelstam ere bai. Bien artean bada, lotura garrantzizko horretaz aparte, beste bat, ez soilik poetikoa. Bientzat, pausoa, arnasketari lotuta eta pentsamenduaz jantzita, prosodiaren oinarri da, poesiaren abiapuntu erritmiko eta arimazkoa. Sentimenduaren muina jotzen dute biek ala biek, mingarrien den aldean. Oraina, iraganetik eta etorkizunetik aparte, izuaren aldia da, heriotzaren erresuma, infernua lurrean: l´inferno.

    Mandelstam 1938an desagertu zen, sobietarrek eraikitako kontzentrazio-eremu haietako batean. Sekula ez da jakin, non eta nola hil zen; baina datu asko dago, egiara hurbiltzeko, ahal den neurrian. Varlam Shalámovek “Sherry-Brandy” ipuinean kontatzen du Mandelstamen heriotza: “Poeta poliki hiltzen ari zen eta ez zuen ulertzen poliki hiltzen ari zenik”. Hiltzea ez baita ulermenaren ekintza eta jardunbide. Poetak lehenago, ordea, gutun bat idatzi zion bere emazte Nadezhdari: “...Oso osasun kaxkarra da nirea, erabat nekatuta nago, betiko itxura galduta dut, baina ez dakit merezi ote duen zuek arropa, jatekoa eta dirua bidaltzea. Dena dela, saia zaitezkete. Hotz handia daukat eta arropa gutxi”. Nadezhda bera Esperantza ezaren aurka liburuan senarrari gertatutakoa kontatzen saiatu zen. Esperantzak badu bere etxea, norberaren baitan. Osip bi aldiz atxilotu eta bi aldiz askatu zutela badakigu, liburuari esker, eta horren kariaz ez zuen jantzirik. Gorki omen zen garai hartan idazleak janzteko txartelak banatzen zituena. Norbait joan omen zitzaion Osipentzako jertsea eta galtzak hartzeko txartelaren bila, eta Gorkik bakarrik jertsea hartzeko txartela eman zion: “Konponduko da galtzarik gabe”. Ba ote da, ordea, esperantzarik gabe konpontzerik? Nadezhdak inongo esperantzarik ez zegoenean ere espero egin zuen. Ez alferrik “nadezhda” hitzak “esperantza” esan nahi du errusieraz. Esperantza bizi dugu eta esperantzak biziarazten gaitu. Liburua 1970ean argitaratu zen ingelesez; 1972an frantsesez ikusi zuen argia, Gallimard etxean; eta 1984an gazteleraz.

    Osip Mandelstamentzat munduko gertaerek elkarrekin lotuta zeuden. Haren iritzian, gertaerak oro elkarrekin lotzen dituena edertasuna baino ez da. Baina edertasuna, Rilkek ondotxo zekien, aingerua da, izugarria ordea. Ez dago denboraren kontzepturik Mandelstamen poesian: Homero eta Dante, Alejandro Handia eta Zesar Borgia, maila berean daude. Denbora ere neur ez daitekeena neurtzeko trikimailua baino ez da. Hitzen kontua bada ere, hitzez adieraz ez daitekeena esaten du poesiak, hitzez adieraz ez daitekeenarekin batera. Oroimena kulturaren iturri oparoa da. Mandelstamek Elkarrizketa Danterekin liburuan idatzi zuen: “Ermitageko aretoak bat-batean erotuko balira, eskola guztietako eta maisu guztien koadroak askatu eta libratuko balira markoetatik eta, elkarren kontrako borrokan hasirik, beteko balute ingurua kolorez eta oihuz, orduan izango genuke Danteren Komediaren antzeko zerbait”.

    Mandelstam eta Dante maila berean daude biak. Ez dute denboraren beharrik, ez dute espaziorik nahi. Infernua, beharbada, espaziorik eta denborarik ez dagoen lurraldea da; espazioak eta denborak maite dugunaren neurriak ematen baitizkigu. Beste hitzez, maiteen duguna utzi beharra da erbestea, edo infernua. Gogora ditzagun Danteren hitzak: “Maiteen duzuna utziko duzu eta hori da erbestearen arkuak bota duen lehen gezia. Jakingo duzu nola duen gatz zaporea bestearen ogiak eta zein gogorra den bestearen eskaileretan gora eta behera ibiltzea. Baina mingarriena zurekin izango duzun konpainia ergela eta gaiztoa izango da”. Galtzen lehena ez da hizkuntza, hizkuntza lurrari lotzen duena baizik, alegia arbasoen oroimena. Erbestera kondenatuak bere kultura galtzen du poliki. Horregatik heltzen dio esku eta oinekin, aho eta belarriekin hizkuntzari, haren galera bere galera ere badelako. Ez duenez hizkuntzak bere herrian jasaten dituen aldaketaren berri, erbesteratuak bere hizkuntza garbi utzi beharra dauka, eta zahartzen zaio, nahi gabe, bera zere zahartzen den bezala. Hitzaren soinua eraman nahi du berarekin, eta hark ihes eginik, soilik oihartzuna harrapa dezake. Bizitza bera ere oroitzapenen oihartzunen artean joaten zaio, espero gabe. Erbesteratua bakarrik dago, beti, eta ezin dezake bakardade hori, nolabait, leundu edo gozatu.

    Poesiaren eta edertasunaren funtsa, Danteren eta Mandelstamen arabera, maitasuna da. “Maite ezazue gauzen izatea gauza berak baino gehiago, eta zeuen izatea zeuen buruak baino gehiago” idatzi zuen Osip Mandelstamek. Nadezhda esperantzak azken unera itxaron zuen senarra noiz etorriko. Esperantzagatik soilik espero izan zuen. Senarra gehiago etorriko ez zela jakindakoan, hautsi ziren bera eta bere esperantza, itsasontzi sendoa izotz artean hausten eta arrakalatzen den modura.

 

 

Valid XHTML and CSS.