MILES DAVISEN BEGIAK Imprimir E-mail
Domingo, 24 de Mayo de 2009 14:31

HISTORIA 

Sokratesek eta Senekak beren buruez beste, edo besta,

egin zuten, halabeharrean.

Ez zioten ez heriotzari ez bizitzari muzin egin,

bizi izanagatik hil ziren eta bizitzara itzuli.

Dante ez zen sekula itzuli Florentziara.

Paradisutik kanpo hil zen.

Erbestea hezurretaraino sartu den infernua da.

Oscar Wilde Readingen izan zuten preso.

Paperezko tximeletak egiten zituen.

Behin elurra erori eta tximeletak joan ziren

eta haren hatzak are zuriago bihurtu, etsipenez.

Baudelaire-ri ez zioten kritikoek ulertu.

Gaitzaren loreak, haien iritzian,

demonioek beren maitaleei, aberriko dama jentilei,

egindako opariak ziren.

Verlaine-k bere buruari egin nahi izan zion tiro

baina Rimbaud zuen zauritu.

Bi urte eman zituen kartzelan.

Ez poesia ez gu ez gara berdinak orduz geroztik.

Pushkin dueloan hil zuten,

haren obrak, ordea, denboraren lehia irabazi du.

Valle-k eskua galdu zuen pozik,

beharbada Cervantes zeraman buruan.

Dama kristauak, zuriak eta isilak maite zituen.

Barojari ez diote barkatu hirian

bertakoei dendari fama jartzea.

Ez da don Pioren argazkirik izango

Almazen Handietan.

Bilintx karlisten lehergailu batek hil zuen,

baina eskolan isildu egiten dute datu hori, askotan.

Santa Kruz apaiza Kolonbian hil zen,

egindakoaz damu, agian.

Plazido Mujikak zuhaitz baten azpian aurkitu zuen

besteak utzitako Argia aldizkariaren puska,

erabili ondoren, noski.

Erbestea paper zikina baino ez da, batzuetan.

Nerval burdin hesi batetik zintzilik utzi zuten.

Villon-ek baino zorte kaskarragoa izan zuen.

Haren ipurdiak ez zuen jakin haren buruaren neurria.

Virginia Woolf, Pizarnyk, Jean Rhys ditut gogoan,

jauzi egin zuten hitzez beste aldera,

eta isiltasunaren itsasoa jo.

Vallejo goseak hil zen, Parisen,

langar egun batean, bakardade erdian.

Mandestham gosearen suak erre zuen.

Babel Lubiankako hormaren kontra jo zuten tiroz.

Byron bere arrebarekin zen oheratzen.

Rilke-k idiarena jotzen zuen;

maingu geratu zen, baina ez hitzetik.

Celanek bere burua bota zuen Mirabeautik behera,

Vienne la nuit , sonne l´heure.

Ikasleek aieruka hartu zuten Aragon;

68ko maiatzean Paris hondartza izan zen,

eta handik berehala haizeak eraman zuen hondarra.

Althusser-ek bere emaztea ito zuen;

hainbesteko indarrez non

Berlingo harresia erori zen.

Poulantzas bere liburuak hartu eta

kamioi baten azpira joan zen.

Erbestea ulertzen ez den mundua da.

Bizirik geratu zen filosofia, baina zauriz beterik.

Beti ez dira batera usteltzen haragia eta hitzak.

 

Valid XHTML and CSS.